XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL HIZTEGI ARAUEMAILE ENTZIKLOPEDIKOAREN PROJEKTOA

Duela urte bete baino gehiago Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak, Ager elkartearen eraginez, euskal Hiztegi Arauemaile Entziklopediko baten moldaketa gomendatu zigun.

Informe honen helburua, zer egin den eta zer egin nahi den laburki aditzera ematea da.

Hiztegi arauemaile baten betebeharra ez da, hiztegi deskriptiboetan gertatzen den bezala, hitz bakoitzaren bariante eta erabilmolde guztien berri ahalik zehatzen ematea.

Hiztegi arauemaile batek, aldez aurretik hizkuntzaren ondasun lexikoari buruzko gogoeta sakon bat suposatzen du eta ondorioz, ondasun horren sistimatizatze eta sailkatze lan bat.

Euskara kultur hizkuntza bihurtu nahi badugu, hots, Lizardik hain ongi adierazi zuen nahikunde hura, gure hizkuntza larrekoa noranahikotzekoa hain zuzen, errealitate oparo bilakaturik ikusi nahi badugu, nahi-ta-ezkoa dugu bigarren urrats hori, hizkuntza idatziaren batasunaz hasi genuen prozesoari konplituki buru emateko.

Hildo honetan ikusten dugu bost urtez euskal hiztegi arauemaile bat tankeratzen egingo ditugun ahaleginen zentzua.

Ahalegin honetan aurkitzen ari garen behaztopak ez dira txikiak.

Lehenik Mitxelena irakasleak bere De lexicografía vasca Fontes Linguae Vasconum-en 16. zenbakian argitara zen artikuluan aipatzen dituenak hartu ditugu gogoan.

Gure egitekoa kultur hizkuntza bati dagokion hiztegia prestatzea delarik, ezin gaitezke gehiegi balia euskal hiztegigintzak urteren buruan gauzatu duen tradizioaz.

Gure lan lexikografikoak, ikuspegi honetatik, hiztegiak baino areago izendegi soilak dira: adibidez haietatik batek ere ez du ematen hiztegi arauemaile batek ezin bazterrera duen informazio bat, hitzen gramatik kategoriarena hain zuzen.

Bestalde euskal hiztegi ia guztiak erdara-euskara ala euskara-erdarazkoak dira.

Beraz, hitz baten euskal definizioa prestatzean, tradizio gabezia gorri baten aurrean aurkitzen gara.